Elkargoko Buletina

Kideen tratamenduen balorazioak

Elkargokide horiek:

Azken garaiotan, pazienteen erreklamazioek gora egin dutela hauteman ahal izan dugu Elkargoan. Horietan, hauxe izaten da argudio nagusia: “dentistak esan dit egin didaten tratamendua ez dagoela ondo eginda”.

Horren aurrean, Batzorde Deontologikoak azterketa egin ostean, ondorio hauek ateratzen dira askotan: (i) ezin daitekeela zehaztu baloratutako tratamenduan praktika txarrik egin denik, (ii) zalantzarik gabe tratamendua ondo eginda dagoela eta (iii) ez dagoela beste dentista baten aurkako txostenik, kexagilearen esanetan beste medikuak adierazi duenari eusten dionik.

Zehazki, azken urtean, pazienteek beste dentista baten balorazio negatiboa zutela zioten erreklamazio itxien % 60 ezetsi dira. Gainera, batean ere ezin izan da lortu aurreko tratamendua baloratzen zuen txosten arrazoiturik.

Egoera horrek sekulako kaltea egiten dio Elkargoari (erreklamazio-espediente bakoitza ikertzeak eta ebazteak dakartzan lan eta kostu izugarriak direla-eta), baina, batez ere, lanbideari berari egiten dio kalte, beste lankide batzuen gaineko komentario negatiboak egiten baitira, eragindako dentistarekin datuak alderatu gabe ere. Horren ondorioz, lanbidearen gaineko irudi txarra sortzen da, eta korporatibismo-irudia indartzen, Batzorde Deontologikoak praktika txarrik hautematen ez duenean (izan ere, kexagileek uste osoa izaten dute praktika txarra egon dela), eta mesfidantza sortzen da lankideen artean.

Gogorarazi beharra dugu Hortz Etikari eta Deontologiari buruzko Espainiako Kodeak hutsegite profesionaltzat jotzen dituela jokaera horiek.

60. artikulua, independentzia-printzipioa adituaren txostenean

1- Aditu-lanetan aritzea bateraezina da pazienteari berari arreta ematearekin. 2- Aditu-lanetan ari dela, dentistak uko egin behar dio berarekin harremana duen edo eduki duen edozein pertsonari azterketa egiteari, iritzi-askatasunean eragin ahal badio.

66. artikulua, kritikak lankideei

1- Hutsegite profesionaltzat jotzen da beste kide batzuen jarduera profesionalen gainean mespretxuzko ohar, iradokizun edo kritikak egitea; are gehiago, baliozko argudio-oinarririk egon ezean. Gainera, pazienteen, horien senideen edo hirugarrenen aurrean eginez gero, larriagotu egiten da.

2- Gai edo kontu odontologikoei buruzko tirabirak edo desadostasunak, zientifikoak, profesionalak edo deontologikoak izan horiek, ez dute inoiz ekarriko eztabaida publikorik: barne-mailan konpondu behar dira, pribatuan, modu partikularrean edo saio klinikoetan. Profesionalen arteko gatazka mota horietan, elkargoak dauka arbitraje- edo bitartekaritza-lanetan aritzeko ardura.

67. artikulua, hautemandako arau-hauste etiko-deontologikoak elkargoari jakinaraztea

Ez da kidetasun-hutsegitetzat jotzen elkargoari jakinaraztea, modu objektiboan eta dagokion diskrezioaz, beste kide batzuengan ikusi ahal izan diren arau-hausteak, arau etikoei eta lehiakortasun profesionalekoei dagokienean.

Horregatik guztiagatik eskatzen dizuegu zorroztu dezazuela deontologia profesionalarekiko errespetua, eta Gipuzkoako Dentisten Elkargoaren estatutuek ematen duten diziplina-ahala gogoratu dezazuela (49. artikulua eta hurrengoak), elkargokideen betebehar etikoak eta deontologikoak betetze aldera.

Jaso ezazue gure agurra,

Itzuli

Lotutako Berriak

Itzuli