Hitzarmenen indarraldia uztailaren 7an amaituko da.
Estatu mailan hitzarmenen indarraldia uztailaren 7an amaituko dela dioten albisteak ikusita, gure jarduerarekin lotutako alderdi hauek argitzea komeni dela uste dugu.
Kontratatutako dentisten, higienisten edo laguntzaileen kasuan, gaur egun ez dago aplikatu beharreko hitzarmenik. Kontratu askok, adibidez, klinika pribatuetako hitzarmenari egiten zion erreferentzia, nahiz eta haiek iraungita egon.
Uztailaren 7tik aurrera, langileen eta enpresaren artean hitzarmenaren indarraldia luzatzeko asmoz ituna adostu ezean, hori ezingo da egin, baina aurretik sinatutako lan-kontratuek baliozkoak izaten jarraituko dute. Kontratu horietan daude ezarrita langilearen eta enpresaren arteko oinarrizko baldintzak (banaka) eta 2013ko uztailaren 7tik aurrera desagertu egingo dira. Baldintza horiek garrantzi handia dute eta ez dute aldaketarik izango.
Enpresaburuak lan-kontratuko alderdi esanguratsuren bat aldatu nahi izango balu, Langileen Estatutuko 41. artikuluak (“laneko baldintzen aldaketa nabarmenak”) xedatutakoa bete beharko du. Aldaketa nabarmenak dira, batez ere, honako hauek: lanaldia, ordutegia eta laneko denboraren banaketa, ordainketa-sistema, soldataren zenbatekoa eta txandakako lanaren erregimen aldatzea.
Langileen Estatutuak aurrez ikusitakoaren arabera, laneko baldintzak modu nabarmenean aldatuko balira, kaltea jasan duen langileak kontratua desegiteko eta lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko soldatari dagokion kalte-ordaina jasotzeko (gehienez, 9 hilabetekoa) edo lan arloko epaitegian erabakiaren aurka egiteko eskubidea izango du. Epaitegi horrek aldaketa hori zuzenbidearen araberakoa dela edo ez dela erabaki ahal izango du. Azken kasu horretan, beraz, aldaketa eraginik gabe geratuko litzateke. Horrekin lotuta, gogorarazi beharrekoa da hori dela oraingo egoera eta hala izaten jarraituko duela uztailaren 7tik aurrera.
Uztailaren 7tik aurrera egingo diren kontratazio berrien kasuan, gure sektoreko egoera ere ez da aldatuko; izan ere, Gipuzkoan ez zegoen hitzarmenik indarrean dentistentzat, higienistentzat eta laguntzaileentzat. Hori dela eta, ez zegoen beste hitzarmenen baten mende geratzeko inolako betebeharrik eta gauza bera gertatuko da uztailaren 7tik aurrera ere. Beste nolabait esanda, laneko baldintzak lan-kontratuan banaka hitzartzen direnak izango dira eta bertan aurrez ikusita ez dauden gaietan, aldiz, Langileen Estatutuak aurrez ikusitakoa bete beharko da.
Idatzi honekin zerbait argituko genuela espero dugu, baina zuen esanetara egongo gara edozein zalantza argitu nahi edo beste azalpenen bat behar izanez gero.