Elkargoko Buletina

Eskudirutan egindako ordainketak 2.500 eurora mugatzea

2012ko urriaren 29ko 7/2012 Lege berriak txertatu dituen berrikuntza nagusiak aipatu nahi dizkizuegu. Aipatutako legeak zerga eta aurrekontu arloko araudia aldarazten du eta finantza-araudia egokitzen du prebentzioko eta iruzurraren aurkako jarduerak areagotzeko. Berrikuntza hori, oro har, 2.500 eurotik aurrerako eragiketetarako eskudirutan egindako ordainketak mugatzea izango da.
Horren arabera:

a)      Ezingo dira eskudirutan ordaindu aldeetako batek enpresaburu edo profesional gisa jardun duen eragiketak, haien zenbatekoa 2.500 eurokoa edo gehiagokoa bada (edo haren kontrabalioa atzerriko monetan).
b)      Zenbateko horiek kalkulatu ahal izateko, ondasunen entrega edo zerbitzuen prestazioa zatika zitezkeen eragiketa edo ordainketa guztietako zenbatekoak batu beharko dira. Gure kasuan, tratamendu berari dagozkion ordainketa guztiak batuko dira.
c)       Mugatze horren helburuetarako,eskudirutzat hartuko dira honako hauek: paperezko dirua eta txanponak (Estatukoak edo atzerrikoak), edozein monetatan eramaileari emandako bankuko txekeak (ez, ordea, izendunak) eta eramaileari zuzendutako ordainbide gisa egindako beste edozein baliabide fisiko edo elektroniko.
d)      Eragiketetan esku hartu dutenek ordainketaren egiaztagiriak gorde beharko dituzte haiek egin diren datatik hasi eta bost urteko epean eskudiruzkoa ez zen beste ordainbideren baten bidez egin zirela egiaztatu ahal izateko.
e)      Mugatze hori ez da aplikagarria izango kreditu-erakundeetan egindako ordainketa eta diru-sarreretarako.

Horrez gain, aipatutako arauan sartuta daude aurretik aipatu dugun hori betetzen ez bada aplikagarriak izango diren zigorrak. Zigorra kalkulatzeko erabiliko den oinarria 2.500 euroko eta 15.000 euroko zenbatekoa edo gehiagokoa duten eragiketetan eskudirutan ordaindutako zenbatekoaizango da, eta zigorra oinarri horren % 25en zigor-multa proportzionala izango da.
Azkenik, nabarmendu beharrekoa da subjektu arau-hausleak izango direla ordainketa egin duten pertsona edo erakundeak eta eskudirutan emandako zenbateko horiek osorik edo partzialki jaso dituztenak. Hori dela eta, ordaintzaileak eta hartzaileak modu solidarioan erantzun beharko diote ezartzen zaien zigorrari.

Jarraian, hortz-kliniketan aplika daitezkeen bi adibide zehatz ageri dira:

1) Hainbat azpitratamendutan zatikatzea zaila den tratamendua. Adibidez, ortodontziako tratamendua.
Tratamenduaren ordainketa zatikatzea adostu arren, tratamenduaren ordainketa guztiek 2.500 euroko zenbatekoa gainditzen badute, ezingo da ordaindu eskudirutan tratamendu horren inolako zenbatekorik.

2) Hainbat azpitratamendutan zatika daitekeen tratamendua. Adibidez, inplanteen gainean protesi bidez egindako errehabilitazio osoa. Hau da, aurrekontu orokor bakarrean sartuta egon zitekeen tratamendua, baina baita beste aukera hauetan ere: hainbat aurrekontutan (bat azpitratamendu bakoitzeko) eta aurrekontu bakoitzerako fakturekin.
Puntu horretan, Legeak ez du azalpen gehiegi eskaintzen. Besterik gabe, ondasunen entrega edo zerbitzuen prestazioa zatika zitezkeen eragiketa edo ordainketa guztietako zenbatekoak batu beharko direla zehazten du. Ez du azaltzen zer den zerbitzuen prestazioa. Oraingoz, erregimen zigortzailea oso zorrotza denez, zuhurtziaz jardutea gomendatzen dugu. Izan ere, oso litekeena da azaldu dugunaren moduko interpretazioa legeari iruzur egitearen baliokidetzat hartzea.

Itzuli

Lotutako Berriak

Itzuli