Elkargoko Buletina

Lankidetza-eskaera Batzorde Deontologikotik bigarren iritzia eskatzeko kontsulta baten ondorengo kexa eta erreklamazioetarako.

Elkargoan izan berri ditugun zenbait egoera ikusita, jarraibide erraz batzuk helaraziko dizkizuegu, bete ditzazuen, eta mezu honen bigarren zatian albiste honen arrazoia den azalpen sakonagoa irakurri ahal izango duzue.

Kontsultara bigarren iritzi esker etortzen diren pazienteei arreta eskainiz gero, izan kontuan hemen aipatuko ditugun hauek pazientearen aurrean iritzirik eman aurretik:

  • Jarri harremanetan pazienteari, zuk baino lehen, arreta eskaini dion lankidearekin, pazientearen bertsioa egiaztatzeko eta, behar izanez gero, informazio gehiago eskatzeko.
  • Eduki beti buruan pazienteari adierazten zaion guztiak idatziz jartzeko modukoa izan behar duela, baldin eta pazienteak edo Elkargoak idatziz jartzeko eskatzen badizu.

Laburbilduz, beste klinika batean tratamendua jaso ondoren gustura gelditu ez, eta bigarren kontsultara etortzen zaizkizuen pazienteekin zuhurtzia handiz jokatzea gomendatzen dugu.  

Gogora ekarri nahi dugu, bestalde, elkargo-estatutuek ezartzen dutela erantzun egin behar zaiola Elkargoak pazienteei buruz eskatutako informazioari (Kode Deontologikoaren 77. artikuluko 2. atala eta 52. artikuluko b atala), betiere, pazienteak baimena ematen duenean Elkargoak bere izenean informazio klinikoa eska dezan. Biak eskuragarri daude www.coeg.eu webgunean. 

Xehe azalduko ditugu orain komunikazio hau bidaltzeko ditugun arrazoiak.

Iraganean zenbait komunikazio bidali ditugu Elkargoan kexak eta erreklamazioak kudeatzeari lotutako zenbait alderdi azaltzeko eta zehazteko. Otsailaren 6an, hau bidali genuen, ñabardura garrantzitsuekin.

Lehenago, 2015ean, funtzionamendu-araudia bidali genuen eta ordutik aldatu egin da pixka bat. Hauxe da bertsio berriena.

2017an, pazienteen erreklamazio posibleak prebenitzeko edo kudeatzeko kontuan izan beharreko alderdiak azaltzeko komunikazio bat bidali genuen.

Lehenago, 2011n, komunikazio hau bidali zen eta letra lodiaren bidez nabarmendu zen eskaera hau:  “ez adierazi pazienteei idatziz jartzeko prest ez zaudeten ezer.”

Hala ere, eta batez ere bigarren iritzia eskatzeko kontsultetan, egoera desatseginak izaten jarraitzen dugu eta horregatik, zenbait alderdi berriro nabarmendu behar ditugu:

  • Elkargoak baliabide mugatuak ditu pazienteen tratamenduak baloratzeko: ez du ortopantomografiak egiteko izpien aparaturik, ez du eskanerrik, eta Batzorde Deontologikoko dentistak haien jarduera profesionala duten boluntarioak dira.  Askotan, iruditzen zaigu pazienteek Elkargora jotzen dutela, pentsatuz, makilatxo magiko bat dugula bigarren iritzia eskatzeko kontsulta batean izan ondoren, jaso dituzten tratamenduak baloratzeko.
  • Batzorde Deontologikoko dentistak, lehen aipatu dugun moduan, ez dira, fisikoki, Elkargoan egoten eta adostuta dago –eta indarrean den funtzionamendu-araudian jasota– erreklamazioei buruzko informazioa posta elektronikoz eta aldi bakarrean bidaltzea, lana errazteko. Horrek ez du esan nahi, idatzizko dokumentazioa jaso ondoren ezin denik telefonoz hitz egin pazientea tratatu duten lankideekin, baina lehenik, informazioa idatziz behar da, bestela, ikusi baitugu, gehiegi korapilatzen dela kudeaketa-lana. Horrek esan nahi du, baita ere, adibidez, ez dela bideragarria eskaner osatua duen CD bat Elkargora igortzea, gertatzen baita batzuetan; izan ere, hori eginez gero, Batzordeko kideak Elkargora joan behar du CDaren edukia ikusi ahal izateko eta gainera, ohikoa izaten da software hori erabiltzen ohituta ez egotea eta, beraz, denbora asko galtzen du garrantzitsuak diren zatien bila. Horregatik, modu batean edo bestean inplikatutako elkargokideei eskatzen diegu bidaltzeko eskanerraren zati garrantzitsuenak irudi-formatuan.
  • Elkargoko administrazio-langileek biltzen dute erreklamazioei buruzko informazioa, ondoren, Batzorde Deontologikoko kide egokiari bidaltzeko. Askotan, interesgarriak izaten dira inplikatutako elkargokideek administrazioko langileei telefonoz adierazitako ñabardurak, baina kontuan izan behar da langile horiek informazio hori beste norbaiti eman behar diotela eta hasierako mezua “kutsatzeko” arriskua egoten dela, ez baitira dentistak, eta beraz, Batzorde Deontologikoko kideari iristen zaion informazioak zehaztugabetasunak edo akatsak izan ditzake. Horregatik, berriro diogu, komunikazioak idatziz egitea komeni dela.

Askotan, hitzordura bigarren iritzi eskatzeko etortzen diren pazienteek esaten dute zenbait elkargokidek beste elkargokide batzuei lotutako tratamendu txarrak aipatu dizkietela, baina pazienteek esaten digute elkargokide horiek anonimotasunari eutsi nahi diotela, “ez dutelako arazorik nahi”. Besteetan, bigarren iritzia eskatzeko bisita bat jaso duten elkargokideek, txosten bat eskatzen diegunean, hitzez adierazten digute “ez dutela arazorik nahi”. Hau da, nahiko ohikoa da jarrera hori.

Hasteko, bigarren iritzia eskatzeko kontsulta bat dugunean, honako hau da jardunbide egokia:

  • Jarri harremanetan pazienteari, zuk baino lehen, arreta eskaini dion lankidearekin, pazientearen bertsioa egiaztatzeko eta, behar izanez gero, informazio gehiago eskatzeko.
  • Eduki beti buruan pazienteari adierazten zaion guztiak idatziz jartzeko modukoa izan behar duela, baldin eta pazienteak edo Elkargoak idatziz jartzeko eskatzen badizu.

Laburbilduz, beste klinika batean tratamendua jaso ondoren gustura gelditu ez, eta bigarren kontsultara etortzen zaizkizuen pazienteekin zuhurtzia handiz jokatzea da jardunbide egokiena.

Jardunbide horiek aintzat hartu ondoren elkargokideak ikusten badu badirela zantzuak lankideari, egin duen tratamendu horri lotuta, egotz dakiokeen arazoren bat izan dela pentsatzeko eta uste badu Elkargoak esku hartu behar duela gaia aztertzeko, argi izan behar du arazoa, jada, badagoela. Beraz, gaia Elkargotik kudeatu beharko da. Egoera horretan, elkargokideak Elkargoarekin elkarlanean aritzeko betebehar morala eta deontologikoa du, hala, Elkargoak arazoa, jada sortua dagoena, ahalik eta ondoen kudea dezan. Arazoaz ez arduratzea eta pazienteari hitzez adierazitakoa idatziz ez jartzeak honako hau dakar: pazientea kaltetzea, lanbidearen irudi korporatibista ematea eta Batzorde Deontologikoko kideen lana zailtzea. Hiru ondorio ezin okerrago.

Bestalde, txosten bat eskatzen denean, ez da eskatzen kideek zer erantzukizun duten zehaztuko duen aditu-txostenik. Elkargokideak bere diagnostikoa bidaltzea nahi dugu, zer tratamendu-plan proposatu duen eta horri dagozkion proba garrantzitsuenak (erradiografiak, argazkia, eskaner zatiak). Ez zaigu iruditzen gisa horretako txosten batek lankideekin arazoak sortuko dituenik. Aldiz, arazoa sor daiteke, baldin eta pazienteari nolabait jakinarazten bazaio aurreko klinikako tratamendua ez dela zuzena izan, baina gero konturatzen gara ezin dela hori idatziz jarri, iritzi hori ematean ez delako behar bezainbesteko zuhurtziaz jokatu, ez baitira ondorio horretara iristeko egin beharreko egiaztatzeak egin.

Horiez gain, nahi genuke ohartzea zer zaila den zuen kideentzat Batzorde Deontologikoko parte izatea. Elkargoari lotutako erantzukizun horrek badu nahiko esker txarrekoa izan daitekeen alderdi bat: lankideen lana baloratzea ez da, inoiz, gustagarria izaten. Gainera, kexatzera jotzen duten pazienteek, askotan, Batzorde Deontologikoaren balorazioak haiei arrazoia ematea besterik ez dute espero izaten, sinetsita egoten baitira jaso duten tratamenduaren emaitza txarraren arrazoi bakarra jardunbide profesional txarra izan daitekeela. Arrazoia ematen ez zaienean, haien ulertu ezina eta batzuetan haserrea, erreklamazioan arreta eskaini dien kidearengana eta administrazioko langileen bideratzen dute.

Egia da, baita ere, Batzorde Deontologiko kide izateak aukera ematen duela kontsultetan izaten diren arazo ohikoenak zuzenean ezagutzeko eta horrek lagundu egiten duela norbere jarduera profesionalean ere hobekuntzak egiten. Eta horrekin batera, lankideek, informazioa bidaltzeko eskatzen zaienean, lankidetza handia eskaintzen badute, Batzorde Deontologikoko kideen lana asko errazten da.

Batzordean, gainera, oso gustura hartuko dituzte bertan parte hartu nahi duten kideak. Norbaitek interesa balu, jo Elkargora informazio gehiago eskuratzeko, konpromisorik gabe, eta hitz egin Monikarekin edo Joserrarekin.

Amaitzeko, eta laburpen gisa, bene-benetan eskatu nahi dizuegu Elkargoarekin lankidetzan ari zaiteztela informazio idatziz bidaltzeko eskatzen bazaizue; bereziki, bigarren iritzia eskatzeko kontsultaren bat izan ondoren.

Itzuli
Itzuli